2014-05-29

Prentsaurrekoa (2014-05-28)

Altzan bizi den pertsona oro jabetuko zen dagoeneko Altza leku berezia dela; Donostiako beste zonaldeekin alderatuz gero, izate zeharo desberdinekoa dugula. Izan ere, historiaz beteriko herri hau, aurreko mendean jasandako hirigintza masibo eta birmoldaketa prozesu larriaren ondorioz, egoera sozio-ekonomiko benetan zaila eta korapilatsua pairatzera behartua aurkitzen da. Horrek guztiak, arrazoi historikoak alde batera utzi gabe, altzatarrok izaera propio bat garatzea bultzatu du; baita geure herria hobetzeko beharra sentitzea ere.

2011. urtean, bide horretan lehen atea suposa zezakeen akordioa eman zen Donostiako udalbatzan: Altzan barruti bat sortzearen inguruan batzorde bat eratzeko erabakia hartu zen. Horrela, Altzan hamahiru elkarteren babesarekin lan talde bat osatu genuen Udal Batzordearen paraleloan, eta 2013. urtean idatzi bat erregistratu genuen Udalak egiazko prozesu parte hartzaile eta deszentralizatzaile bat ahalbideratu zezala eskatuz. Lan taldeak barrutiaren sorrerari atxikitariko helburuak honako hauek izan ziren:

1. Hiritarren egiazko parte hartzea ahalbideratzeko, hiritarren eta udal-ordezkarien arteko komunikazioa erraztuz eta auzokideen arteko kohesio soziala indartuz.
2. Hiria eta erabakitzeko guneak deszentralizatzeko, batez ere barrutiari dagokion arloetan, hiriko aurrekontuak eta proiektuak egiteko garaian.
3. Barrutiko auzoen arteko giltzadura osatzeko, eta, ahal den neurrian, Donostiako auzoekin eta beste udalerriko auzo mugakideekin ere bai.
4. Udal departamentuen arteko koordinazioa eta elkar-lana errazteko, barrutiari lotutako gaietan.

Helburu horiek oinarri hartuta eratu den idazki baten bitartez, hainbat elkarte eta norbanako gehiagoren atxikimendua lortu da. Barrutiaren gaia jorratzeko eratutako udal-batzordeak ordea, ez du aurrerapausorik eman. Pasibotasun hau salatuz, Donostiako udalari erabakiak hartzen has dadin eskatzeko aprobetxatzen ditugu lerro hauek.

Hala ere, altzatarrok ez gara udalari begira itxoitearekin konformatuko. Batik bat hedabideetatik udal-alderdi bakoitzaren barrutirako proposamenak ezagutu ahal izan ditugu. Proposamen horiek baina, oso urrun gelditzen dira hemengo biztanleok Altzarako nahi dugun barruti ideiatik, baita bizi dugun errealitatetik ere. Horregatik, Altzak zer nahi duen badakielako eta udaletxetik jasotako proiektu hutsalak gustuko ez ditugulako, lan talde iraunkor bat eratzea erabaki dugu, Altzatik eta Altzarentzat izango den barruti-proposamena aurkezteko asmoz. Diseinu horren oinarriak zeintzuk diren argi dugu:

1. Barrutiaren izena Altza izango da.
2. Barrutia sortzearen oinarrian, ordenantzan, era antidemokratikoan gauzatutako anexioaren eta zio historikoen aitortza.
3. Lurraldetasunari dagokionez, abiapuntua Altza historikoaren eremuan oinarrituko da (hau baita egun dugun erreferente bakarra).
4. Barrutiari pisuzko eskumenen transferitzea; hau da, barrutiaren eraginkortasuna benetako izango da.

Amaitzeko, herritarron desinformazioaz kezkatuta gaudelarik, barrutiaren eratze-prozesuaren inguruko sozializazio kanpaina bat martxan jarriko dugula aurreratzen dugu. Horretarako, eztabaida-mahai, triptiko, hitzaldi eta esku-orrien moduko baliabideak erabiliko ditugu; denon artean, Altzaren errealitatea hobetzeko bidean lehen urratsa emango dugularik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario